4/2010 Legearen bidez onetsi den 2010-2012 aldirako Euskal Estatistika Planean honako eragiketak sartuta daude: Eraikinei eta Lokalei buruzko Zentsua (2010) eta Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak (2011).
AGainera, Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak izeneko estatistika-eragiketa urriaren 17ko 1663/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen 2009-2012rako Estatistikako Plan Nazionalean ere sartuta dago.
Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak helburu bera izanik, batean zein bestean egiten diren jarduerak koordinatzea egokitzat jo da. Hain zuzen, Eustatek eta INEek lankidetza hitzarmena sinatu dute 2011. urteko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzeko behar diren jardunak eta prestaketa-lanak gauzatzeko.
INEek biltzen du informazioa. Izan ere, urriaren 3an hasi zen Euskal AEn zeregin horretan, multzo baten adierazgarri zen hautatutako etxebizitzen lagina ateratzen.
Zure etxebizitza hautatua izan bada, Eustateko eta INEeko zuzendariek sinatutako gutun bat jaso behar izan duzu edo jasoko duzu. Gutunean parte hartzeko eskatzen zaizu, eta zentsuaren galdesorta internet bidez erantzun ahal izateko erabiltzaile gakoa eta pasahitza ematen zaizkizu. Horrela, zentsua modu eraginkorragoan eta azkarrago bete ahal izango da.
Dena den, edozein arrazoi dela medio Internet bidez bete ezin baduzu, galdesorta internet bidez betetzeko gutunean adierazi den epea (hamabost egun) amaitu ostean INEek zentsuaren galdesorta paperean bidaliko dizu.
Galdesorta betetzeko, INEek berariaz prestatu duen web orrialde honetara sartu behar duzu:
AHorrez gain, sor daitezkeen zalantzak argitzeko doako telefono bat ere baduzu (900 82 00 82). Hona hemen telefono-zenbaki horretan arreta emateko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 22:00etara eta larunbatetan 9:00etatik 15:00etara.
Informazio gehiago
2011ko zentsuari buruzko informazioa INEeko webgunean
Biztanleriari buruzko informazioa Eustateko webgunean
ZENTSUEI BURUZ
Joaquín Arango Vila-Beloch jaunak zentsu modernoen gainean eman duen definizioaren arabera, zentzu hertsian zentsuak “biztanleriaren osagaien zerrendaketak dira –biztanle guztienak eta ez azpisektore jakin batenak, familia buruenak esaterako–; xede demografikoekin egiten dira edo, behintzat, xede orokorrekin, eta normalean administrazio erakunde espezializatu batek egiten ditu inskripzio nominalak oinarritzat hartuta. Gainera, guztirakoak nolabait desagregatu behar dira, biztanleak ezaugarri pertsonal batzuen arabera sailkatu behar dira (sexua, adina, egoera zibila, etab.) eta aldikazkotasun jakin batekin egin behar dira.” (Arango Vila-Beloch, Joaquín 1981).
Definizio hori aintzat hartuta, orduan, 1857. urtean Estatistiken Erresumako Batzorde Orokorrak (estatistiken lehenengo erakunde ofiziala) estatuko zentsua egin zuen, serie modernoaren hastapena izango zena, hain zuzen. Gero 1860, 1877, 1887 eta 1897 urteetan ere egin ziren. Nazioarteko gomendioak betez, 1900. urtean zentsu berria egin zen; hamar urtean behin egiten hasi zen, ‘0’ zenbakiaz amaitutako urteetan, eta abenduaren 31 izan zen erreferentzia. Alabaina, 1981. urteko zentsuan azken baldintza hori aldatu egin zen, eta martxoaren 1a hartu zen erreferentzia moduan.
2001. urtean egin zen estatu mailako azken zentsua, serie modernoko hamaseigarrena.
Bestalde, bost urtean behin egiten ziren berrikuntza patronalak aprobetxatuta, zentsuetako aldagai gehienak hartzen zituen estatistika-eragiketa egiten hasi zen. Estatistika-eragiketa hauek 1965, 1975 eta 1986 urteetan egin ziren oro har, INEeren laguntzarekin, eta horietan jasotako informazioaren arabera esan daiteke zentsu klasikoak izan zirela.
Bost urtean behin egindako serieak mantentzeko asmoz eta, batez ere, biztanleen gaineko informazioa eta ezaugarriak eguneratzeko asmoz, Eustatek Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estatistika izenarekin mantendu zituen bost urtean behineko eragiketa horiek. Estatistika hauek 1986. urtean egin ziren eta azkena 2006. urtean.
Hori guztia dela bide, Eustatek 1970, 1975, 1981, 1986, 1991, 1996, 2001 eta 2006 urteetako zentsuei buruzko informazioa dauka eta webetik eskura daiteke.